2006/10/06

Euskararen lurraldea Internet-en

Geu Gasteiz aldizkarian irakurri berri dut Iratxe Esnaolak estreinakoz Gara egunkarian (2006-08-12) argitaraturiko artikulu interesgarri bat euskarak eta euskaldunok Interneten topatu behar dugun eta topatzen ari garen lekuaren inguruan ari dena. Besteen artean, .EUS Interneteko domeinu baten beharra ikusten du Iratxek, eta nere ustez arrazoirik etzaio falta, euskal kultura eta euskal nortasuna Interneten bultzatuko dituen eremua oso interesgarria baita.

Zailtasunak daudela domeinua lortzeko? Noski, betiko moduan; besteak beste milioi bat hiztun egiaztatu behar dira ICANN-ren aurrean, 45000 $ elkartu behar da eta .EUS domeinu hau kudeatuko lukeen erakunde bat proposatu (aurretik ere sortu beharko da, nik dakidala behintzat ez baita horrelakorik existitzen egun).

Beraz, badago lana oraindik, baina hasi eta hazten ari den Web 2.0 honetan euskaldunon leku topatzeko bultzada handi bat suposatuko lukeenez gero honetan dihardutea merezi duela argi daukat.