2006/11/16

Arrazoi guztiak ditugu: AHT gelditu!

Ikerrek kontatu didan moduan:

"Larunbat honetan Abiadura Handiko Trenaren (TAV) aurkako manifa dago Gasteizen. Manifa nazionala da, Euskal Herri mailakoa, eta arratsaldeko bostetan aterako da Iparraldetik.

Obra honek herri eta nekazari askoren bizitza suntsituko du eta ez dut uste Euskal Autonomi Erkidegoak horrelako infraestruktura gehiagoren beharra duenik, are gehiago, merkantziak eta ez pertsonak garraiatzeko pentsatuta dagoela jakinik. Ez al dago jada autopista eta autobide nahiko gure lurraldean? Nortzuk jasoko dute onura? Enpresarioek? Arabar naizen bezala mintzen nau lautada (Gasteiztik Legutiora) eta Aramaio inguruko lurraldeak zatituko dituen ebakia ikusteak, gero eta gutxiago diren nekazari eta abeltzainen bizimoduak trunkatu dituena, hainbat herrixka suntsituko dituena. Luko eta Urruña bezalako herriek hilabete asko daramatzate burrukan, euren bizimodu eta ingurunea mantendu nahian, ez legoke txarto elkartasuna erakustea."


Eguneraketa 20061115_2347: Hemen mobilizazioaren inguruko informazio gehiago topa dezakezue, manifestazioaren ostean Gasteizko Gaztetxean egingo diren kontzertuei buruz, besteak beste.



Eguneraketa 20061116_1650: emailez informazio gehiago bidali didate AHT-ren inguruan, bertatik hartu ta hemen kopiatu det. Irakurtzeko klik egin "gehiago irakurri" loturan.

AHT ez da ohiko trena

Trenaren itxura du, baina hegazkinaren parekoa da distantziei, geldialdiei eta energia gastuei dagokienez… Izan ere, AHT, lurretik doan hegazkina da.

AHT-k konponezinezko kaltea egingo lioke Ama Lurrari

Barrera efektua; zarata ikaragarria (trenbidetik 250 metrorarteko tartean osasunarentzako kaltegarria); paisaiari eraso bortitza; lurren okupazioa (trenbidearen plantak soilik 400 Ha baino gehiago); desregularizazio hidrologikoa (31 Km akuiferoren suntsiketa); energia kontsumoaren biderkatzea (tren arruntak baino 6 bider gehiago kontsumitzen du); hondakinentzako hamaika zabortegiren sorrera (Km bakoitzeko 15.000 metro kubiko hondakin sortuko da); balio natural handiko ekosistemen kaltetzea (Aizkorri-Aratz eta Aralar naturgune babestuak); Hego Euskal Herrian katalogatutako 12.500 landare eta animalia espezieri kalte zuzenak…

AHT-k gastu sozialaren murrizketa eragingo luke

AHT inoiz ikusitako azpiegitura handiena eta garestiena da. Bere aurrekontua 6.000 milioi euro ingurukoa da, hots; Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailaren 33 urterako aurrekontua.

Guztiok ordainduko dugu baina, aurreikusitako ibilbideak eta salneurriak aintzat harturik, gutxi batzuek erabili ahal izango dute.

Aitzitik, dirutza horrekin, populazio osoarentzako kalitatezko garraio publikoa finantzatu eta beste behar sozial askori erantzun lekieke.

AHT-k, tren-garraioa zerbitzu publiko eta unibertsala delako kontzeptua
lurperatu egiten du.

AHT-k ez ditu egungo garraio arazo larriak konponduko

Errepideetatik 1.000 kamioi kenduko dituela esaten digute… Ez digute esaten ordea, 11.000-tik gora direla egunero-egunero errepideetan dabiltzan kamioiak eta kopuru hori 16.000-ra helduko dela hiru urte barru.

Aitzitik, AHT, bere baitan autopista, superportu, plataforma logistiko eta abar luze bat biltzen dituen azpiegitura plan erraldoi baten parte da; negozio den heinean kosta ahala kosta garraioaren hazkundea bultzatzea helburu duen plan baten parte, alegia.

AHT-k ez du elkartuko, bereiziko baizik

AHT-k urrun dagoena gerturatu baina gertu dagoena urrunduko du. AHT-k ez du aldiriko garraiorako balio: hirietan bakarrik geldituko da eta ondorioz ez ditu eskualde barruko joan-etorriak (eguneroko joan etorrien %97) ahalbidetuko. Azkarrago burutuko dute Madrildik Parisako bidea, baina bidean zeharkatutako herriak eta eskualdeak txikitu eta beren bizi-modua eta bizi kalitatea larriki kaltetuko ditu.

AHT-k lurralde desoreka eta nekazaritzaren gainbehera bultzatuko lituzke

AHT-k kalte larriak eragingo dizkie nekazaritzari (Gipuzkoan babestutako 8 nekazal gune desagertuko dira) eta orohar herrietako eta nekazal-eremuko bizi-modu eta bizi kalitateari.

AHT-k hirietaranzko migrazioa eta hirien zentralismoa bultzatuko ditu herri eta nekazal-eremuen kaltetan.

AHT-k hirien eta herri eta nekazal-eremuen arteko pitzadura handitu egingo du.

AHT prekarietate laboralaren eta deslokalizazioen sinonimo da

AHT multinazionalen interesei jarraiki lan-indarraren eta salgaien mugikortasuna handitzea helburu duen tresna da.

AHT-k eta gisa horretako garraio azpiegitura erraldoiek zeresan handia dute ekonomiaren eta merkatuen nazioarteratzean eta, ondorioz, baita prekarietate laboralaren eta deslokalizazioen areagotzean ere.

AHT neoliberalismoaren eta kapitalismoaren paradigma da

AHT, neurrigabeko ekoizpenean, ezberdintasun sozialetan eta kontsumismoan oinarrituriko ekoizpen-modu, jendarte-molde eta bizi-ereduaren adibide esanguratsua da.

AHT gutxi batzuen eskutan boterea eta aberastasuna eta gehienen bizkargain behin-behinekotasuna, ezegonkortasuna eta prekarietatea metatzen dituen “garapen”-ereduaren adibide da.

AHT herritarrei hitza eta erabakia lapurtu eta afera ekonomiko, politiko, sozial zein kulturalen gaineko erabaki ahalmen osoa politiko profesionalen eskutan jartzen duen “demokrazia”-ereduaren adibide da.

AHT inposaketaren sinonimo da

AHT-ren egitasmoa batere informazio-gardentasunik gabe eta udalerrien zein herritarren interes, nahi eta borondatea aintzat hartu gabe jorratzen ari dira.

Gehiengo sozial eta sindikalak AHT gelditzeko eskatu du behin baino gehiagotan, baina administrazio ezberdinak entzungor egiten ari zaizkio.

Obrak hasteko erabakia hartzearekin, beste behin ere, indar frogaren, egite kontsumatuen politikaren eta inposaketaren aldeko hautua egin dute bai espainiar estatuak bai Eusko Jaurlaritzak.