2008/07/04

Software librea, zergatik da etikoa?

zabaldu.com bitartez Gara.net-eko artikulu hau irakurri dut. Software libreari buruz gehiegi ez daikiarentzat oso baliagarria izan dakioke zertan datzan ulertzeko, hori dela eta, hemen kopiatzen det oso-osorik:

Iratxe Esnaola Arribillaga informatika ingeniaria

Software librea, zergatik da etikoa?

Teknologiaren munduan dena emanda datorrela dirudi. Ez dagoela aukerarik. Funtzionatzeko modu bakarra existitzen dela eta, beraz, berau ikasi eta barneratzea dela gure eginbehar bakarra. Are gehiago: funtzionatzeko beste modurik egon daitekeen ez diogu galdetu ere egiten gure buruari. Zalantzan jartzen duguna, teknologiak, oro har, erabiltzea edo ez erabiltzea da. Behin erabiltzea erabakita, zein motatako teknologiak nahi eta behar ditugun hausnartzeari ez diogu minututxo bat ere eskaintzen. Eta hori guztia kultura teknologikorik ez dugulako da.

Baina tokian tokiko errealitateak errespetatzen eta, era berean, indartzen dituzten teknologiak existitze dira. Elkartasunetik eta askatasunetik abiatzen den kultura teknologikoa oinarri duten teknologiak badira.

Teknologia horiek, gainera, balore eta printzipio batzuk dituzte, eta hacker-en balore eta printzipio horiexek dira, hain zuzen, euskaldunok eta Euskal Herriak behar duen kultura teknologikoaren oinarri eta zutabe.

Horiek horrela, hiru ikuspuntutatik azter daitezke teknologia mota ezberdinen ezaugarriak: garapenetik, banaketa edota komertzializaziotik eta erabilpen edota sustapenetik.

Garapena. Programak edo softwarea, programatzaileek garatzen dituzte, izan enpresetan edota komunitateetan. Programa bat garatzea, kode informatiko bat idaztea da (iturburu-kodea). Gero, makinak kode informatiko hori interpretatzeko baliabide batzuk ditu, eta interpretazio horretatik, ordenagailuan ikusten ditugun leihoak, botoiak, menuak... sortzen dira. Beraz, gerora makinak interpretatzen duen kode informatiko hori da, garatzen dena. Eta hor, ezaugarri nagusirik bada, kodearen irekitasuna edo itxikeria da. Alegia, enpresa batek kodea ixten duenean, ez dugu kodea ikusteko aukerarik. Beraz, enpresakoak ez diren gainerako programatzaileek ezingo dute kodea aldatu, ez hobetu, ez eta beraien beharretara egokitu. Are gehiago. Mundu osoan garatzen den kode informatiko guztia itxia balitz, programatzaileek beti hutsetik hasi beharko lukete. Besteek egin dutena hartu eta beraien beharretara egokitzea ezinezkoa litzateke. Informazioa ezkutatzen bada, ezagutza ere ezkutatu egiten da. Eta horrekin, berrikuntza erabat geldotzen da, etengabe kontrakoa saltzen diguten arren. Beti esaten digute Microsoft-en funtzionatzeko moduak berrikuntza azeleratzen duela. Gezur galanta. Informazioa ixteak, ezagutza ezkutatzeak, patenteak sortzeak, estandarrak ez erabiltzeak... ez du interes propioa besterik bilatzen.

Software librearen garapen moduak, informazioa zabaltzen du, ezagutza kolektiboa bihurtzen du, nahi duenak eta gaitasuna duenak erabil dezan, aldatu, hobetu eta berriz zabaldu. Software librearen munduko programatzaileek beren askatasunetik abiatu eta gainerakoekiko elkartasuna dute oinarri, eta modu kooperatiboan egiten dute lan, eleaniztasun eta kulturaniztasunari berebiziko garrantzia emanez. Mundu mailako lankidetza da software librearen garapenaren bereizgarritasuna: komunitatea.

Erabiltzaile hutsek ez dute antzemango, baina garapen etikoa dago software librearen atzean.

Banaketa edota komertzializazioa. Enpresa eta komunitateek, bakoitzak bere aldetik edota elkarlanean garatutako programak, banatu edota komertzializatu egin behar dira, inoiz erabiliko badira. Banatzeko edota komertzializatzeko modu hori, informazioaren irekitasun edo itxikeriari erabat lotuta dago. Alegia, kode informatikoa itxiz informazioa eta ezagutza ezkutatzen duten enpresek, sortutako programa komertzializatzerakoan, lizentzien sistema erabiltzen dute. Produktu gisa saltzen digute (Windows adibidez) eta hasierako lizentzia ordaintzeaz gain, eguneraketa bakoitzeko ordainketak egitera behartzen gaituzte. Lotuta mantentzen gaituzte. Beraiek bakarrik dakite nola funtzionatzen duen. Beraiek erabakitzen dute zer den produktua hobetzea. Ez dute galdetzen. Ustez, gure behar informatikoak ezagutzen dituzte. Eta noski, beraiek erabakitzen dute noiz kaleratu eguneraketa horiek guztiak. Lizentzia bidezko sistema honek euskararen kasuan izugarrizko eragina du. Windows sistema eragilearen bertsio jakin bat euskaratzeko eskatuko bagenie ere, arazoa eguneraketekin dago. Euskara merkatua ez denez, ez dituztelako eguneraketa horiek euskarazko Windowsen bertsiorako sortuko. Baina softwaregintzak egungo jendartean duen ezinbestekotasuna oinarri hartuta, lizentzien sistemak ez du zentzurik. Software librearen munduan, doako banaketa izan edota enpresa batek komertzializatzen badu ere, ez da produktua saltzen. Ez da hasierako lizentziarik ordaindu behar. Software librearen munduan zerbitzua da ordaintzen dena. Informazioaren irekitasunak besteek aurrez egin dutena hartzea eta gurean erabiltzeko aukera eskaintzen du. Eta horrexegatik, bezeroaren beharretara egokitzeko egiten den lana da ordaintzen dena: pertsonalizazioa. Ez da programa bera saltzen, instalazioa, egokitzea eta mantenua baizik. Software libreko enpresek gainera, ez gaituzte lotzen. Kodea eman egiten digute eta enpresaz alda gaitezke, kodea irekia baita, eta besteak ere ikus baitezake. Bestalde, erabiltzaile arruntentzako programak, sistema-eragileak adibidez, Internetetik deskargatu daitezke, doan. Ez dugu produktua ordaintzen eta arazoak ditugunean, Interneteko foro eta laguntzarako prestatutako webgune berezietan aurki dezakegu behar dugun informazioa (lagunen bat eskaintzen ez bada). Guk izan ditzakegun arazoak edota ezjakintasunak, beste batzuek sentitu dituzte aurrez. Eta erabiltzaile horiek hackerraren pasioa, elkartasuna eta balio sozialaren garrantzia barneratuak dituztenez, arazo horiei aurre egiteko modua sarean argitaratzen dute. Software librearen munduan, beraz, banaketa edota komertzializazioa ere etikoa da.

Erabilpena eta sustapena. Softwarea eta, oro har, teknologiak, ez badira erabiltzen, ez dute ezertarako balio. Berdin da etikoak diren edo ez, erabiltzen ez badira, zertarako garatu dira? Eta arestian aipatu bezala, badirudi teknologien munduan emanda datorrena bakarrik existitzen dela. Ez dira aukera ezberdinak sustatzen. Dena da Windows, Word eta Photoshop. Ez dago besterik? Microsoft-ek marketinerako izugarrizko baliabideak ditu, ekonomikoak eta bestelakoak. Ekonomikoena, enpresa kontua da, zer egingo diogu. Baina bestelakoak dira kezkagarriak. Enpresatik kanpo dauden teknologiaren sustapenerako baliabiderik eraginkorrenak administrazio publikoak eta hezkuntza dira. Lehenak teknologia egungo gizartera zabaltzeko ardura du. Bigarrenak hurrengo belaunaldiak teknologikoki prestatzekoa. Eta hori ondotxo dakite Microsoft bezalako enpresek. Administrazio publikoak Microsoft-en diru-sarrerarik garrantzitsuena dira. Pentsa zenbat ordenagailu, zenbat lizentzia eta beraz, zenbat diru. Hezkuntza, erabiltzaileak sortzeko aparteko tresna da eta horrexegatik lizentziak erdi «oparitu» egiten dizkie Microsoft-ek. Haurrek (eta ez hain haurrek) Microsoft-en tresnak bakarrik erabiltzen badituzte, Windowsen erabiltzaile gisa hezten baditugu, zer erabiliko dute gero? Bada, ikasi dutena, noski. Eta horrexegatik da garrantzitsua bai administrazio publikotik, bai eta hezkuntzako arlo ezberdinetatik ere software librearen aldeko apustua egitea. Administrazio publikoak zerbitzua ematen dien herritarren aukera askatasuna bermatu behar du, eta herritarren eskuetan utzi beharko luke tresna mota batzuk edo besteak erabiltzeko erabakia. Hezkuntzaren kasuan, ikasleak teknologikoki prestatu behar badituzte, teknologiaren benetako errealitate anitza irakatsi behar zaie. Eskatzen jarrita, batak zein besteak, teknologia etikoa, tokian-tokiko errealitatea errespetatzen duena eta guztiontzat eskuragarria dena sustatu beharko lukete: software librea.

Baina, noski, ezin dugu administrazio publikoen apustuen zain egon, ez eta ardura hezkuntzan eta belaunaldi berrien eskuetan utzi. Software librearen aldeko apustu aktiboak norberarengandik hasi behar du. Urratsak pixkanaka eman behar dira. Erabiltzen ikastea da, bere garaian Windowsekin egin genuen bezala. Jende asko dago laguntzeko, inguruan eta sareen sarean. Euskaldunok eta Euskal Herrian, jada teknologien munduan sartuta gaudela, norabidea aldatzea ezinbestekoa dugu. Bestela, inoiz ez gara teknologiari dagokionez independenteak izango, eta ez dugu etika teknologikoa aplikatuko. Noiz arte itxaron behar dugu?


Gehiago irakurri!